XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GLAZIAZIO HANDIA

Riss glaziazioa (beste guztiak bezala Lurraren ardatza ziklikoki aldatu egin zelako, Eguzkiaren inguruko eszentrikotasunagatik eta abarrengatik gertatu zen) hotz handiko denboraldia izan zen.

Glaziazio hura ez zen lehenengoa izan (ezta azkena ere), baina gizakiak ezagututako gogorrena bai.

Ia Europaren Iparralde osoa izotz eta elurpean geratu zen.

Udako batezbesteko tenperatura zero azpikoa zen.

Lehorreko lurren % 30 izoztu egin ziren.

Gaur egun Britainia Handia deitzen diogun zonan glaziareek bi kilometroko lodiera ikaragarria izatera heldu ziren.

Basoak ezkutatu eta estepa nahiz tundrek bete zuten haien lekua.

Haizeak ere aldatu egin ziren eta elur-bisutsak eta izotzak ziren lautadetan nagusi.

Lurra, beraz, bestelako planeta bihurtu zen; bizitzeko planeta hotz eta gogor, hain zuzen.

Bizitzea posible zen zonetan, Hotz handiaren ertzetan, biziaren formak aldatu ziren.

Suak eta larruak gero eta garrantzi handiagoa zuten eta askoz ere giro pobre eta latzagoan ehizerako trebeziak ere bai.

Elementu guzti horiek bilduta, moldatzeko ahalmen handiagoa, eta ondorioz adimen handiagoa, behar zen.

Glaziazioak, beraz, eboluzio-bizkortzaile izan ziren.

Testuinguru horretan, fosilen aldetik ia 100.000 urteko isilunea izan ondoren, Neanderthaletik gero eta hurbilagoak dauden formak azaltzen hasi ziren.

Orain dakigunez, Europako erectusak neanderthalaurreko bihurtu ziren eta gero haien ondorengoak ohizko neanderthal.

NEANDERTHAL GIZAKIA, ZER ZEN?

Chapelle-aux-Saintes haitzuloan, Neanderthalaren ia eskeleto osoa aurkitu zen.